Baimenaren iraupena |
OHIKO IRAUPENA ETA BANAKETA
Baimena honela banatuko da:
NAHITAEZKO ZATIA
Nahitaez hartu beharreko sei aste, etenik gabe eta lanaldi osoan, erditu ostean (adopzio edo harrera kasuetan, erabaki judiziala edo administratiboa).
BORONDATEZKO ZATIA
Nahi izanez gero har daitezkeen beste hamar aste, nahitaez hartu beharreko sei asteen ostean. Ama biologikoak erditze data baino lehenago hartu ahal izango ditu lau aste.
Adopzioen kasuan, sei aste horietako lau hartu ahal izango dira adopzioa eratzen duen erabaki judiziala baino lehenago edo harrera ematen duen erabaki judizial edo administratiboa baino lehenago.
1. Gurasoetako batek baino ez badu egiten lan, hamabi asteko baimena etenik gabe hartu beharko da nahitaez.
2. Guraso biek egiten badute lan, eta igarota nahitaez hartu beharreko atsedenaldiko sei asteak, gainerako asteak (har daitezkeen beste 12 asteak, salbu eta horietako batzuk erditze eguna baino lehenago hartu dituzten ama biologikoen kasua) honela hartuko dira:
-EBEPen aipatzen diren borondatezko asteak erditzearen ondoko 12 hilabeteetan hartuko dira (edota erabaki judiziala edo administratiboa eman ondokoetan adopzio zein harrera kasuetan), asteka, eta etenak egin ahal izango dira (halakoetan, baimena eskatu beharko da aldi bakoitzean, baimenaren hasiera data baino 15 egun lehenago gutxienez). Baimen hori lanaldi osoz edo lanaldi partzialez hartu ahal izango da, zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen dutenean.
HOBEKUNTZA (UPV/EHU)
-UPV/EHUk ematen dituen beste bi asteak etenik gabe hartu beharko dira, EBEPen aipatzen diren borondatezko asteen azken aldiaren ostean. Baimen hori lanaldi osoz edo lanaldi partzialez hartu ahal izango da, zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen dutenean.
BAIMENAREN IRAUPENA EDO BALDINTZAK ALDATZEA
Baimena luzatu edo aldatu ahal izango da kasu hauetan:
-Aste bat gehiago guraso bakoitzak seme edo alaba bakoitzagatik, bigarrenetik aurrera, jaiotza, adopzioa edo harrera anizkoitza denean. -Aste bat gehiago guraso bakoitzak semeak edo alabak desgaitasunen bat badauka. -Baimena luzatu ahal izango da, gehien dela beste 13 astez, erditzea goiztiarra bada edota jaioberriak ospitalean egon behar badu (zazpi egun baino gehiago).
Semea edo alaba hiltzen bada, edo jaio ez arren haurdunaldia gutxienez ehun eta laurogei egunekoa izan bada, baimena ez da murriztuko, baldin eta, nahitaezko atsedenaldiaren sei asteak igaro ondoren, berriro lanean hastea eskatzen ez den.
Ama hiltzen bada, beste gurasoak hartu ahal izango ditu baimeneko egun guztiak; edo, baimena hasita badago, gelditzen diren egunak.
Nazioarteko adopzio edo harrera kasuetan, gurasoek joan behar badute adoptatutakoaren jaioterrira, gehienera bi hilabeteko baimena hartzeko eskubidea izango dute, eta aldi horretan oinarrizko ordainsariak jasoko dituzte.
Langileak administrazioak deitutako prestakuntza ikastaroetan parte hartu ahal izango du baimena hartuta dagoenean, betiere nahitaezko atsedenaldia bukatu bada.
HAURRA EDOSKITZEKO BAIMENA
Amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatiko baimenaz gain, honako hau hartu ahal izango da:
Langilea ordubetez lanetik kanpo egon ahalko da hamabi hilabete baino gutxiagoko haurra edoskitzeko. Ordubete hori zati bitan banatu ahal izango da. Beste aukera bat ere badago: ohiko lanaldia ordu erdiz murriztea lanaldiaren hasieran eta bukaeran, edo ordubete lanaldiaren hasieran edo bukaeran, betiere, helburu bera betetzeko.
Baimen hori proportzionalki handituko da erditze, adopzio edo adopziorako zein harrerarako zaintza anizkoitzen kasuetan.
Haurra edoskitzeko orduak metatzea
Langileak, haurra edoskitzeko denboraren ordez, ordaindutako baimena eskatu ahal izango du eta lanaldi osoetan metatu baimenaren denbora. Baimen hori hartu beharko da beste baimen hauek amaitu ondoren: amatasuna, adopzioa, harrera, edo ama ez den gurasoak hartutakoa.
Gogoan izan behar da, nolanahi ere, bakarrik hartuko direla kontuan langileak zerbitzuan benetan emango lituzkeen egunetako orduak. Hori dela eta, eskaera egitean, langileak adierazi beharko du ea umeari hamabigarren hilabetea betetzeko geratzen zaion denboran baimen, opor edo eszedentziarik hartuko duen, hartara aldi horiek kontuan ez hartzeko.
Baimen hau funtzionarioaren eskubide indibiduala da eta, beraz, ezin zaio laga beste gurasoari edo haurra adoptatzen, adopzio aurreko zaintzan hartzen zein harreran hartzen duen beste pertsonari.
|